GAUDEko langileek gaur egindako bi batzarretan berretsi dute zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak joan den ostiralean lortu zuten aurreakordioa. 2020tik 2026ra bitartean indarrean egongo den hitzarmen kolektibo berria sinatu aurreko urratsa da. Akordio horrek soldata-eguneratze batzuk aurreikusten ditu, 2026ra arte erosteko ahalmena berreskuratuko dela bermatzeko, hitzarmenaren
indarraldian % 19,5eko soldata-igoerarekin, eta langileen lan-baldintzetan hobekuntzak jasotzeko. GAUDEn oso pozik gaude, eta ontzat jotzen dugu lortutako akordioa. Gainera, gizartearen eskaera askori erantzuten dio akordio honek, eta, gure ustez, gure erakundearen egiturak hobeto kudeatzeko balioko du.
Akordio honi esker, gure elkartearen orainaz eta etorkizunaz oso kezkatuta izan gaituen gatazkari amaiera ematen diogu, baina, batez ere, elkartearen erabiltzaile eta familien eta bertan lan egiten dutenen ongizatea bermatzea ekarriko du.
Orain bake soziala ekarriko digun espazio berri baten aurrean gara, eta honek adimen-desgaitasuna duten pertsonen arreta hobetzen jarraitzeko aukerak eskainiko dizkigu.
GAUDE irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta adimen-desgaitasuna duten pertsonei nahiz haien senideei laguntzak ematen espezializatuta dago. Gaur egun 291 pertsonaren bizi-proiektuak garatzen dihardu eta 115 profesional ditu plantilan.